Cantharellus lutescens

Kategoria Perretxikoak

Izen arrunta: Saltsa-perretxiko horia.

Gaztelaniaz: Rebozuelo anaranjado.

Katalanez: Camagrol.

Ingelesez: Warty cup.

Frantsesez: Chanterelle jaunissante.

Txapela arre grisaxka du, inbutu-itxurakoa oso, pixka bat likatsua eta erdian zulatua batzuetan, ertz oso ondulatuarekin.

Behealdea (himenioa) laranja-kolorekoa du, hankan behera jaisten diren tolestura lodi bakanduz korritua, txapelaren bukaera bat-batean eten gabe; 3-6 cm-ko diametroa izaten du. Hanka segaila du, akuminatua, laranja-kolorekoa -himenioa bezala-, modu atsegin batean kontrastatzen duena txapelaren kolore arre ilunarekin; pixka bat ezkatatsua.

Mami kartilaginosoa, zapore fin eta usain atseginekoa. Jateko ona da, baina erraz samar hondatzen da.

Nahiko arrunta da eta goiz samar ateratzen da, uda-bukaeratik udazkenean ondo sartu arte, batez ere txilardietan, baina ez ditu gaitzesten beste hainbat zuhaitz eta zuhaixkaz populatutako basoguneak ere.Leku itzaltsuetan hazten da, taldeka normalean, baina ikusten da inoiz edo behin bereiz edo bakarrik ere.