Kategoria Perretxikoak

Esnegorria edo niskaloa (izen zientifikoz Lactarius deliciosus), onddo basidiomizete jangarria da, Russulazeen familiakoa. Espainian oso ohikoa da, eta pinudi eta baso mistoetan hazten da. Perretxiko edo gorputz fruitutsua udazkenean hazten da, eta sukaldaritzan oso preziatua da.

Oin huts eta laburra du, erdi borobildua, eta oinarrian estuagoa. Egitura pikortsua du: gaztaroan trinkoa da, eta ondoren, hutsuneak sortzen dira, baina ez dio uzten sendoa izateari. Txapelaren kolorea antzekoa du, baina zurixkagoa. Azaleko zulotxo batzuek kolore gehiago dute. Bizkarroiak izan ohi dituenez, ahuldu egiten da. Txapelak 4 eta 16 cm bitarteko diametroa izaten du, kolore laranja, eta borobiltxo zentrokide gorrixkak ditu. Gaztaroan txapelak ertzak bilduta izaten ditu, eta heldu ahala, zanpatu eta inbutu itxura hartzen du. Geruzak kolore berekoak dira, trinkoak, finak eta dekurrenteak. Haragi trinkoa eta sendoa du, usaina leuna eta gozoa; gordinik garratzagoa da. Ebakitzerakoan latex laranja bat botatzen du. Azkar herdoiltzen da, eta kolore berdexka hartzen du zahartzen denean edo bildu ondorengo orduetan. Jan ostean, dituen koloratzaileetako bat giltzurrunetik desegiten denez, gernuak kolore arraroa hartu dezake.

Kalitateari dagokionez balorazio ezberdinak ditu: Hazten den inguruaren arabera zaporea aldatzen delako; beste onddo batzuekin nahasten delako; edo belztuak, kaltetuak edo bizkarroiez beterik daudenak erabiltzen direlako; balorazioa aldatu egiten da.