Clitocybe geotropa

Kategoria Perretxikoak

Beste izen batzuk:

Euskaraz: Urri ziza, San Martin ziza, Negu ziza zuria (Torrano, Ergoiena), Urri ziza zuria (Ollo, Arakil)

Gaztelaniaz: Cabeza de fraile, Caperan (Valle de Hecho), Capellán, Franciscano (Aragoi)

Katalanez: Pampa, Candela de bruc, Porrosa

Frantsetsez: Tête de moine

Inbutu formako perretxiko handia da, ertzak kiribilduta ditu, eta erdialdean bular-mutur formakoa da. Txapela 8-20cm bitartekoa izan ohi da, eta hori eta oina okre kolorekoak dira. Orriak krema kolorekoak dira, eta oinarekiko dekurrenteak. Oina sendoa, haritsua, bertikala eta tinkoa da, eta oinarrian lodiagoa da. Espora-jalkina zuria du.

Argi asko daukaten leku irekietan hazi ohi dira oro har (larreak, belardiak, txilardiak), nahiz eta zuhaitzen azpian ere aurki daitezkeen (pagadiak, hariztiak), baita argi dezente sartzen zaien pinudietan. Abereak egoten diren tokietan ohikoa da, baita kareharrizko lursailetan ere.

Kataluniako eta Euskal Herriko merkatuetan oso preziatua da, haragi mamitsu, tinko eta zaporetsua duelako, baita usain ona ere.

Batzuetan perretxiko hauek landareek estalita ageri dira, txilarren azpian; horregatik, zaila da aurkitzea. Hala ere, tokia ondo ezagututa, behin baina gehiagotan hartu ahal izango dira. Espezie sendoa da, oso aromatikoa, eta ezpel-perretxiko izenaz ere ezagutzen dugu.