Boletus erythropus

Kategoria Perretxikoak

Izen arrunta: Onddo hankagorria.

Gaztelaniaz: Pie rojo.

Katalanez: Mataparent de peu vermell.

Frantsesez: Bolet à pied rouge.

Txapel arre iluna, batzuetan isla gorri edo olibakarak dituena, ganbila, ilaunduna, lehorra, 5-20 cm-koa. Hodi horiak, poro txiki eta horiak, ukitzean urdin bihurtzen direnak. Hanka sendoa, jeneralean lodia oinaldean, mamitsua, hondo horixka, baina batez ere ilaunduna eta puntu gorriak dituena goialdean.

Mami trinkoa du, arrautza-gorringoaren kolorekoa, eta, ebakitzean, lehenengo berde bihurtzen da, eta gero urdin-urdin. Jateko ona da, baina ondo egosita jan behar da beti. Baso hostozabalak gustatzen zaizkio, humus azidoa dutenak, eta konifero-basoak ere bai. Oso arrunta da.

Bera da urdintzen diren onddoen artean errazen antzematen dena. Txapelaren azpialdea poroz betea egoten da, baina hodi txikien txuloak besterik ez dira horiek.

Onddoen ezaugarri berezietako bat lamelarik ez izatea da; masa esponjatsu bat baino ez dute izaten txapelaren azpian, hainbat mailatako tonu horixkekin, batzuetan berde argiraino ere tiratuz.