Erabilerak: Oratzeko makinaren eginkizun garrantzitsuena, hitzak berak dioen bezala, txikitutako haragiak gehigarriekin eta ongailuekin nahastu eta oratzea da. Oratzeko makina-modelo honek huts-kanpai bat dauka: horrek oratzen eta ongailuak haragietan sartzen laguntzen du. Makina hau erabiltzen da, baita, urdaiazpiko egosia edo urdaiazpiko-fianbrea egiteko prestakinak oratzeko ere. Lan hori egiteko, kubeta barruko pieza bat ("U" itxura duena) kanpora atera behar da. Segurtasuna eta garbitasuna: Oratzeko makina hau ez da ibiliko tapa irekita badauka, istripurik gerta ez dadin alegia. Garbiketa egiteko, hortzak tapa irekita dagoela jirarazi nahi baditugu, makinaren aurrealdean dauden bi botoiak sakatu beharko ditugu, bakoitza esku banarekin. Ur beroarekin eta detergente egokiarekin garbitu behar da. Ahalegin berezia egin behar da txokoak eta izkinak garbitzen, inolako hondakinik gera ez dadin. Funtzionamendua: Oratzeko makinak biraketa-noranzko bi eta abiadura bat bakarra ditu. Kubeta oratzeko gaiekin bete ostean, tapa itxi eta huts-ponpa pizten da, taparen gainean presio txiki bat eginez; eta horrela, huts-ponpa piztuta edukiko dugu, harik eta manometroak guk nahi dugun presioa markatu arte. Hori egin ostean, hortzak jarriko ditugu martxan, bi noranzkoak txandakatuz. Oratzeko denbora, egin nahi den prestakinaren araberakoa izango da. Oratzeko lana bukatzean, hortzak geldiarazi egiten dira eta barruko presioa libratzen, taparen gainean dagoen giltza irekiz, bestela ezingo dugu-eta ireki tapa. Makina honen kubeta baskulagarria da, hustuketa eta garbiketako lanetarako. Kubeta baskulatzeko, tapak irekita egon behar du.