Germo alalunga da bere izen zientifikoa. Bular-hegatsak oso luzeak dituelako bereizten da beste
tunidoetatik, izan ere uzki-hegatsa baino atzerago iristen baitzaizkio. Buru handi-handi eta konikoa du. Aho handia, hortz koniko eta txikiekin. Begi handi eta biribilak. Ardatz-itxurako gorputza du, sendoa eta sabelandia, distiratsua, urdin ilun-iluna bizkarraldean, argi eta grisaxka saihetsetan, eta zilarkara sabelaldean. Azal sendoa du oso, ezkata gogor-gogorrekin batez ere operkuluaren atzean (tunido guztiek dute horrela). Azken bizkar-hegatsaren eta uzkikoaren artean pinula beltzaran batzuk ditu (tunido guztiek dituzte hauek ere). Hegatsak ia beltzak dira. Metro erditik metro batekoa da. Ugaztunen antzeko zirkulazio-sistema du, 25 eta 30 gradu arteko tenperaturarekin gorputzean. Eta 14 eta 20 gradu artean bakarrik bizi daiteke. Horrexek esplikatzen du, hain zuzen, bere migrazio-zikloa. Neguan, Ozeano Atlantikoko ur sakonetan bizi da, Kanariar uharteek, Madeirak eta Azore uharteek osatzen duten triangeluan. Eta udan iparrera igotzen dira, eta arrain taldekoien -batez ere
sardinen eta
antxoen- atzetik Islandiaraino iristen. Han gizendu ostean, berriro triangelura itzultzen dira, arrabak egiteko eta beren erreserbetatik eta planktonetik bizitzeko. Hegaluze berriek urtebete egiten dute hor, irten aurretik. Merkatuan, kontserban, gazituta, izoztuta eta batez ere freskorik aurkituko dugu, bera da-eta tunidorik estimatuena. Freskotasun-maila, haragi gogorra eta likarik gabea izatean eta
trontzak hezurra ukitzen duen partean kolore gorri bizia izatean antzematen da. Anoa bakoitzeko 175 - 200 gramoko pieza kalkulatzen da.
Arrain urdina eta
ur gazikoa da.